Biltzar honek 4 gai-lerro ditu (GL), eta horien arabera egituratzen dira taldeen eztabaidak, tailerrak, etab. Gai-lerro bakoitzak esparru bat eskainiko digu, lan-taldeen (LT) eztabaiden edukietara hurbiltzeko, baina eduki horietako asko guztiok izango ditugu batera, eta elkarren artean korapilatuko dira.
Hona hemen gai-lerroen definizioa:
- GL. Subjektu politikoaren eraikuntza. Ignacio Martín-Baróren ustez, gizakia subjektu politiko bat da, jendarteratze-prozesu zehatz baten bidez eraikitzen da, eta prozesu hori “testuinguru historiko jakin batera zuzendutako norbanakoaren eta jendartearen arteko harreman didaktikoan” izaten da (langile-klasea proletarioen iraultzan, burgesia Frantziako iraultzan…). Hortaz, eraldaketa-prozesuaren protagonista izan beharko lukeen subjektu (kolektibo) hori nola eraikitzen den aztertzen dugunean, jakin nahi dugu nola konturatzen den jendartean garrantzi handia duen arazo batez, nola ohartzen den zapalkuntzaz, nola identifikatzen duen bere burua talde gisa, nola engaiatzen den justizia sozialarekin (norbanakoaren beharrizanetatik harantz joz), azken batean, nola garen askeago elkarrekin. Beraz, aldaketaren aktore kolektibo izateko, ezinbestez aipatu beharko dugu nola izan den jendarteratze-prozesua esparru guztietan, eta zeri esker lortu den hori (zapalkuntzaz ohartzea, hezkuntza, kolektibitatea…) Hala, bada, hemen, hori eraikitzeko edo aztertzeko lagungarriak diren ekintzak/ bideak/ prozesuak zehazten dituzten hausnarketa pertsonalak eta kolektiboak jasoko genituzke.
Hona hemen GL honetan aztertu beharko genituzkeen osagai batzuk: parte-hartzea (prozesuaz jabetzeko ezinbestekoa), imaginario kolektiboa sortzea, zapalkuntzaz ohartzea, jendartean garrantzitsuak diren arazoak zehaztea… Osagai horietatik, hainbat galdera atera ditzakegu eztabaida pizteko.
- Zer esan nahi dugu subjektu politikoaz hitz egiten dugunean, eta zein baldintza beharko litzateke bera eraikitzeko?
- Zein da aldaketaren subjektua?
- Nola eman laguntza hezkuntza-arlotik subjektu politiko banakakoa, taldekoa eta komunitarioa lortzeko?
- Nola igaro subjektu pasibo izatetik subjektu politiko izatera? Nola igaro suminduratik ekintza sumindura? Nola igaro subjektu objektibotik subjektu kontziente, aktibo eta eraldatzaile izatera?
- Zein gako behar du hezkuntza-prozesu batek subjektuak ahaldundu eta prozesuaz jabetu daitezen lortzeko?.
- Zein eginkizun betetzen dute erakundeek (GGKE eta beste eragile batzuek) jendarte mugimenduen subjektu politikoa eraikitzeko lanean? Nola jarri harremanetan eragileak eta subjektuak?
- 2. GL. Eraldaketa lortzeko adierazpena.1. GLan zehaztutakoaren arabera, komunikazio-prozesua da subjektu politikoa eraikitzeko funtsezko osagaietako bat, hau da, pertsonak eta kolektiboak mugiarazten dituzten “gailu kulturalen” multzoa, Javier Erroren hitzetan, azken batean, “jendarteen eraikuntza erabakitzen duten horiek”. Hortaz, jendartea aldatu nahi badugu, komunikazio-prozesuetan sartuta dauden osagai horiek ikertu beharko ditugu, eta errealitateaz kontzienteago, bizi garen munduaz jakitunago eta, beraz, askeago eta justizia sozialarekin engaiatzeko trebatuago egiten gaituzten osagai horiek zehaztu beharko ditugu.
GL honetan osagai hauek landu beharko genituzke, besteak beste: sormena, hizkuntza (ez sexista, sortzailea, nagusi den eredua era kritikoan aztertzen duena…), komunikazio-prozesuen eskuragarritasuna edo bereizkeria, sareen eraikuntza… Osagai horietatik, hainbat galdera atera ditzakegu eztabaida pizteko.
- Zer-nolako harreman-mota behar da testuinguruak eraldatzeko?
- Nola eraikitzen dira metaforak mugimenduaren barruan?
- Nola eraiki dezakegu jendartean garrantzizkoa dena, komunikazioko prozesuen bidez, alde kolektiboa eta, aldi berean, alde pertsonala eta egunerokoa tartean sartuz?
- Nork eraikitzen du jakintza eta nola egiten du? Komunikazioak jakintzak eraikitzen al ditu?
- Nola egituratzen ditu hizkuntzak pentsamendua eta errealitateaz dugun ideia (feminismotik, komunitate indigenetatik, hizkuntzetatik dagoen esperientzia)?
- Nola eraiki dezakegu jakintza, gertakarien konplexutasuna eta elkarren arteko harremana ulertzeko lagungarriak izango diren ikuspegi eta begirada askotarikoak bilduta?
- Nola eraiki dezakegu komunikazio-mota bat, gure burua aurkitzea galarazten diguten aurreiritziak gainditu ahal izateko? Nolakoak dira komunikazio-sareak mugimenduen barruan eta beste mugimendu batzuekiko harremanetan, eta zein dira sare horien barruan izaten diren blokeoak?
- Nola aztertu eta landu ditzakegu hezkuntzako prozesuak online?
- Zein jarduera ez-formal egiten da loturak indartzeko?
- “Eraldaketa jakinaraz al daiteke, jakinarazten dugun ekintza eraldatzailea ez bada? (“komunikazioa” = esentzia versus “komunikazioa” = propaganda)
- 3. GL. Botere-harremanak kritikoki berraztertzea. Eraldaketa, aldaketa eta justizia soziala hizpide ditugunean, lehenik eta behin, botere-harremanak aldatu behar ditugula ohartuko gara, horiek eusten baitiote gaur egun nagusi den sistema kapitalista eta heteropatriarkalari, pobrezia eta desberdintasuna sortzen dituen sistemari. Pertsona guztiei aukera berberak emango dizkien sistema sozial bidezko eta zuzenago baten alde egiteko, zalantzan jarri behar ditugu gaur egun inguruan ditugun botere-harremanak.
GL honetan osagai hauek landu beharko genituzke, besteak beste: hierarkikoak ez diren egitura askatzaileak zehaztea, egunerokotasunak duen garrantzia (pertsonala dena politikoa da), itunak eratzeko beharra (endogamikoak ez diren prozesu irekiak), boterea zuzentasunez erabiltzeko eta kolektiboak eta pertsonak ahalduntzeko tresnak, etab. Osagai horietatik, hainbat galdera atera ditzakegu eztabaida pizteko:
- Zein botere jarri nahi dugu azpikoz gora?
- Nola saihestu mugimendu eraldatzaileen baitan botere hori berriz gertatzea? Botere-harremanei hezkuntza-arlotik heldu ahal zaie (gure erakunde/instituzio asko hierarkikoak direla kontuan hartuta)? Zein gako ematen du feminismoak edo botere-egiturak era kritikoan berraztertzen dituzten beste mugimendu batzuek gure egiturak “askatzeko”?
- Nola joka dezakegu gure erakundeetan errazago parte hartu ahal izateko (barnealdean eta kanpoaldean)? Zein maiztasunekin txandakatzen da boterea pertsonen artean? Maizago eskuratzen al dute boterea pertsona batzuek beste batzuek baino?
- Nola arautzen eta aztertzen dira botere-harremanekin zerikusia duten gatazkak?
- Zein ekarpen egiten dute antolakuntzako forma berriek (gutxi egituratuak, gazteak, dinamikoagoak… diren horiek) erabakiak hartzeari dagokionez? Adibidez, M-15, Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma…
- Nola errespetatzen ditugu erakundeen erritmo desberdinak sarean lan egiten dugunean?
- Nola jar ditzakegu ikusgai botere-harremanak, eraldatzeko dugun gaitasuna baldintzatzen eta mugatzen duen botere ikusezina?
- Nola landu dezakegu taldeko lidergoa (boterea partekatzea)?
- Nola erraztu dezakegu ahalduntzeko prozesua (boterea zerbaitetarako, boterea zerbaiten gainean…)?
- Nola sartzen eta egituratzen da desobedientzia hezkuntzako prozesuetan, aldaketa lortzeko estrategia gisa?
- Lidergo formal eta informalen zein mapa eraiki daiteke? (¿)
- 4. GL.Prozesuak aztertzea.Subjektu politiko kolektiboa, ahaldundua, jakintzaz jabetu, eta bidegabekeriak sortzen dituzten botere-harremanak aldatzeko erabiltzen duena, ez da goizetik gauera eraiki daitekeen zerbait, ondoz ondoko eta loturarik gabeko ekintza batzuk eginez. Gure ustez, aldaketa hori lortzeko prozesuak, maiz, ez du modu linealean aurrera egiten, kiribilak eratuz baizik, eta osagai metodologiko ugari hartzen ditu barne, ezinbestez aztertu beharrekoak denak.
GL honetan osagai hauek landu beharko genituzke, besteak beste: ahalduntzeko eta engaiatzeko aukera ematen dien jakintzaz subjektuek eta taldeek egiten duten jabetze-prozesuaren azterketa (ikaskuntzak sistematizatzen dituzte, nola partekatzen duten, nola hartzen duten informazioa, nola komunikatzen diren, nola jartzen diren harremanetan besteekin, emozioek eta zaintzek duten garrantzia…), ikaskuntza horien ondoriozko ekintzak (taldeko proposamenak), teoria/hausnarketa eta praktika/ekintzaren arteko harremana eta zikloa, nola berrelikatzen duen batak bestea, inpaktuak denboran duen iraunkortasuna, lan egiteko erabiltzen ditugun metodoak eta lanabesak… Osagai horietatik, hainbat galdera atera ditzakegu eztabaida pizteko:
- Zer esan nahi dugu hezkuntzako ekintza askatzaileko prozesuak aipatzen ditugunean? Nola diseinatzen dira eta nola jokatzen da liderra izateko? Nola ematen zaie laguntza?
- Nola finka dezakegu oreka prozesu eta emaitzaren artean? (pertsonen erritmoekin begirunez jokatzen duen prozesua, xedeen azpian jartzen ez dena. Prozesuan, gaitasun-, denbora- eta erritmo-sorta zabala sartzen da).
- Nola lor dezakegu parte-hartzaileak ahalduntzea? Zein neurritan lortuko ditugu partaidetzan oinarritutako kudeaketa duten erakundeak? Erabiltzen ditugun metodoek pertsonen parte-hartzea errazten al dute?
- Zein tresna dugu mugimenduen barruko egitura bertikalak sorrarazten dituzten barne eta kanpoko mekanismoak argitzeko?
- Nola zehaztu eta jarri ikusgai prozesuek erabiltzen dituzten barneko eta kanpoko mehatxuak?
- Nola lor dezakegu oreka gutxi gora behera berehalakoak izango diren emaitzen beharrizanaren (oraingo kulturak emaitza eta arrakasta zehatzak eta egiaztagarriak lortzeko duen egonarri eza) eta epe luzeko begirada kontzientearen (denbora historikoa) artean?
- Nola berrikusten, ebaluatzen eta sistematizatzen ditugu praktikak gure esperientziak hobetzeko, berriz prestatzeko eta jakintza lortzeko? Zein hausnarketa egiten dugu taldeok gure praktikei buruz? Zer egiten da hausnarketa horrekin? Aldaketarik egiten al da praktiketan hausnarketa horiek abiaburutzat hartuta?
- Nola sartzen ditugu emozioak, subjektibotasunak eta zaintzak gure hezkuntzako prozesuetan? (emocioning)
- Nolakoa izan behar du hezkuntzako prozesuak subjektuek globalagoak diren ekintzekin uztar ditzaten bere ekintzak? Nola jarri ikusgai elkarrekiko menpekotasuna?
- Nola sortu loturak iparralde/hegoaldeen artean, aldaketa globala lortzeko?
- Nola ikasten dugu gatazkak gure erakundeen barruan eta kanpoan arautzen/aztertzen? Zein tresna dago, eta zein zeregin bete dezake tresna horrek? (desobedientzia zibila, ekintza zuzena, berrikuntza, erresistentziarako sorkuntza). Indarkeria/ indarkeria ezari buruzko eztabaida.