Hezkuntza aldatzen, mundua aldatzeko… Hezkuntzako ekintza askatzaile baten alde!
Testuinguru hurbilean, 2008an hasitako ekonomia-krisia Europako Hegoaldeko herrialdeak ari da kolpatzen bereziki. Araurik gabeko merkatu-eredua hedatzera, finantza-espekulazioaren praktika sistematiko bihurtzera eta Estatua hutsaren hurrengora murriztera bideratutako politika neoliberalen ondorioa da krisialdi hau. Egun, egiturazko doikuntza-politikak pairatzen ari gara, iraganean Latinoamerikako gizarteak zapaltzeko erabili zituzten errezeta berberen bidetik: murrizketa sozialak eskubideen arloan, sektore publikoaren ahultzea, lan-malguketa… betiere goi-arau kapitalistari men eginez: irabaziak bereganatzea (kapital publikoaren diru-sarrera handiak banku pribatuetara) eta galerak sozializatzea (hiritarrok ordainduko dugun zor gero eta handiagoa). Ondo asko ezagutzen ditugu horren guztiaren ondorioak.
Testuinguru globalean egoera ez da hobea. Izan ere, garapen-eredu nagusiak pertsonak pobretu, desberdintasuna areagotu, heteropatriarkatua erreproduzitu, kultura-aniztasunari muzin egin, bizi garen lurrak agorrarazi, gerrak sustatu, eta gogoz kontrako migrazioak, eskubideen urraketa eta beste hainbat arazo larri sorrarazten ditu.
Eskakizuna historikoa bada ere, jasaten ari garen zibilizazio-krisiak egun hartu duen moldeak paradigmaren aldaketa globala eskatzen digu. Indarrean dagoen garapen ereduak ez du balio, ezta azken hamarkadetan gehitu dizkiogun adjetikboekin jantzita ere (giza garapena, garapen iraunkorra, genero ikuspegidun garapena, tokiko grapena…). Errotik jarri behar dugu kolokan antolaketa sozial global eta konplexu hori, baldin eta mundu zuzenago baten oinarriak ezarri nahi baditugu, babesten gaituen planeta eta pertsonak zaintzen duen munduarenak, alegia.
Garapen kontzeptua kolokan jartzea lan konplexua da; are gehiago, kontzeptuaz gain bertatik eratorritako egitura sozial, politiko eta ekonomikoa berrasmatu egin behar bada. Alabaina, konplexuagatik, ez du zertan ezinezkoa behar. Arlo askotako pertsona eta taldeak, gizarte- eta ekonomia-eredu berriak pentsatu eta eratzen ari dira, antolatzeko modu berriak, jende ororen onura bilatu asmoz. Esperientzia eta eredu horiek eremu marjinal eta alternatiboak utzi, eta gero eta ageriko eta indartsuago bihurtzen ari dira.
Bestalde, urteak daramatzagu GGKEek, talde eta mugimendu sozialok, desoreka, injustizia, indarkeria eta planetaren hondamenaren zergatiak salatzen. Lankidetza-lanaren espezializazioa GGKEen profesionalizazioaren eskutik etorri da: azken urteotan haziz joan diren egiturak lagun, “lan-sektore” bilakatu gara. Apustu horrek etengabeko baliabideen beharra ekarri digu, bai eta finantziazio publikoaren menpekotasuna sorrarazi ere… “iparraldeari” ere garai latza iritsi zaion honetan, hein handi batean instituzioen baliabideen menpe eraikitako gizarte-ehun horren ahulezia agerian geratu da. Harri eta zur uzten gaitu lorpen sozialen galerak; baina horrez gain, ereduak jasan duen danbatekoa baliatzeko gauza izan beharko genuke, ez arazo bezala (eraiki ditugun erakunde moldearen ahulezia), baizik eta aukera bezala, sistema beraren gaitzespena suposatzen duen neurrian.
Talde sozialok, indartu beharra dugu, hausnartu, estrategia bateratuak sortu, gure ekintzen eraginkortasuna bilatu…. Horretarako guztiarako, pertsona eta mugimendu sozialok elkartu eta batera hausnarketa egin eta antolatzeko tokia behar dugu. Behinola antolatzera bultzatu gintuzten utopiak berreskuratu behar ditugu, eta harreman sozial berriak eratzeari ekin, horien bidez berriro ere mugitzen has gaitezen, eta bakarrik ez gaudela kontura gaitezen, bide honetan asko garela…
Batzorde Antolatzailean gaudenok Hezkuntza norabide horretan lagundu dezakeen eta behar duen prozesua dela uste dugu. Gure ustean, Hezkuntza edozein arlotan abiarazitako ekintza orok gizartean uzten duen arrastoa da. Hezkuntza-eredua berregin beharra sentitzen dugu, ez soilik abiapuntu publiko eta formaletik, baita arlo komunitario eta informaletik ere. Horregatik guztiagatik, harremanetan jarri nahi dugu, Hezkuntzaren egungo egoeraren inguruan aurkeztu dugun ikuspegiarekin bat datozen pertsona eta taldeekin, bai eta guztion artean gure talde sozial, erakunde, instituzio eta abarren hezkuntza-ekintzaren bidez mundua aldatzen laguntzeko ditugun ideiak eztabaidatzeko gune batera gonbidatu.
Garapenerako Hezkuntzako (GH) IV. Biltzarra. Hezkuntza aldatzen, mundua aldatzeko… Hezkuntzako ekintza askatzaile baten alde! 2014ko urriaren 9, 10 eta 11ren bitartean izango da, baina topagune hori iritsi arte, gauza asko dago prestatzeko.
Comments are closed.