Ikastaroa (HEGOA) 2013-2014: Hezkuntza askatzailea. Ekintza eta eraldaketa gizarte globalean

Ikastaro konbinatua (aurrez aurreko saioak -bi asteburu, Vitoria-Gasteizen- eta on line ikasgaiak uztartuko baitira bertan) izango da. 2013ko urria – 2014ko ekaina. Izena emateko epea: 2013ko irailaren 9etik 20ra. Matrikula egiteko epea: 2013ko irailaren 23tik 30era. Matrikula: 175 euro.

Gaur egun bizi dugun krisia produkzio-eta kontsumo-eredu baten ondorioa da, zeinak merkatuen interesak herrien eta pertsonen eskubideen gainetik
kokatu, desorekak areagotu, eta Garapena justizia soziala eskuratzen laguntzeko tresna izatetik urrunarazten duen. Hainbat jarrera kritiko garatu izan da zibilizazio-krisi horren benetako dimentsioak atzeman asmoz, bai eta eredu hegemonikoa eta Garapenari buruzko eztabaida bideratzen ari garen modua aldatu beharraz ohartarazi gogoz.

Zenbait diskurtso berritzaileren (esaterako: desazkundea, ekonomia feminista, ekologia soziala, Sumak kawsay edo “ongi bizitzearen” ideia1…) proposamenek Garapen kontzeptua kolokan jartzea eskatzen dute… eta errotik jarri kolokan, ez baita –ezta paradigma berritzaileenetan ere– oinarri duen izaera produktibista, kapitalista, eurozentriko eta heteropatriarkala gainditzeko gauza izan.
Gizarte antolaketa sistema global eta konplexu hori errotik kolokan jartzea ez da lehen urratsa baino, babesten gaituen planeta eta bertan bizi garen pertsonak zainduko dituen eredu baten oinarriak ipintzeko. Alabaina, premiazko zeregina da, justizia soziala, elkartasuna eta pertsonen arteko aukera-oreka ezaugarri izango dituen etorkizun utopiko eta iraungarri baterako bidean.
Hain helburu anbiziotsuak heziketa kritikoa sustatzearen erronkaren aurrean jartzen gaitu; soilik horrela lortuko dugu gaurko gazteen artean testuinguru gertuko eta nazioartekoa bere konplexutasunean egoki ulertzeko beharrezko jakituria sustatzea, eta gizartea aldatzen laguntzeko beharrezko ezagutza sorraraztea, betiere pertsona eta kolektibo guztien eskubideak babestu eta askapen-beharrei erantzungo dieten munduaren irakurketa etiko eta eraldatzaile batetik bideratuta.
Ezaugarri horiek izango dituen hezkuntza-ekintza ezaugarri jakin batzuei erantz8ungo dieten eragileak eskatzen ditu: ikuspegi kritikoetan prestatuak, parte hartzeko metodologietan trebatuak, eta praktika alternatiboak ezagutzen dituztenak. Gizartea eraldatzeko ekintza politiko kolektiboetan aritzeko gaituko dituzten ezagutza, trebetasun, balore eta ahalmenak garatu beharko dituzte bereziki.
Ideia horiek buruan, Hezkuntza askatzailea. Ekintza eta eraldaketa gizarte globalean izeneko prestakuntza-programa eskainiko du 2013- 2014 ikasturtean Hegoak, Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuak.